“Gehitxoago dakit nire ofizioaz, baina ez dakit ze norabidean ari naizen. Gauza oso intuitiboa da”

 

Hamaika kantuk osatzen dute Ruper Ordorikaren disko berria, guztiak berak idatziak. Mundua osatzen duten gai arketipikoak jorratu ditu abeslariak, betiere ekarpen ezti batekin: “Beti pozten nau nire abestiek eragin baltsamiko bat izatea”. New York-era jo du abestiok grabatzera, eta Steve Ulrich, Skuli Sverrison, Kenny Wollesen eta Ben Monder musikarien laguntza izan du. Azken honek, hiru abestitan bakarrik jo du, gainerakoan Ulrichek egin duelarik. Ordorikaren ustez, horrek beste sonoridade bat lortzen lagundu du. 16 pistako zintan eta formatu analogikoan grabatu du Ordorikak, aurreko lanean legez. Bere esanetan, musikara eraman zuten diskoak horrela grabatuta baitzeuden. Abeslariaren ustez, bere kantuek ez dute konponketarik behar, “ibili baino” ez dute nahi. Azkeneko ukituak ordea, Errobi taldeko baxulari izandako Jean Phocas, Elkar disketxeko teknikariak egin ditu.

Musikaz hitz egitea “gauzarik zailena” da Ruper Ordorikarentzat (Oñati, 1956). Hodeien azpian eta sasien gainean kokatzen den bere azken diskoa argitsua izan zedin nahia islatu nahi izan du osatzen duten kantuetan. Halere, irudiz kontrajarriak diren gauzak tratatu ditu. Izan ere, horrelakoa da mundua eta berau osatzen dutenak.
Zure azken diskoari zeru aldakor bati begira jartzen zaren xarma hartu diot nik. Batzutan lainotsuago, bestetan eguzkitsuago…Nola deskribatuko zenuke zuk?
Egia esan, nik ez dut musika parametro horietan ikusten. Etorri bezala erantzuten diot horri baina alde batetik nahia izan dut eguzkitsua izan dadin. Askotan esaten dut, eta badirudi dagoeneko topiko bat dela, baina nik asko maite ditut sentsazio hori ematen didaten kantuak eta horretan saiatzen naiz. Badakizu, askotan oker makur asko daude bizitza honetan, eta horretan  behin eta berriro jarduteko… ba batzutan izaten dut kantuak esparru horretatik ateratzeko nahia.
Diskoa oinarrizko musikari guztiek batera grabatu duzue. Banan-banan egitea artifizialegia iruditzen zaizu, perfektuegia agian?
Egia esan, diskoak era guztietara egin izan ditut. Gauza bat esango dizut halere, uste dut libertate guztia ere gutxi dela. Disko erabilgarri eta guztiz onak egin izan dira era guztietara. Azken bost diskoetan modu beretsuan ibili naiz iruditzen zaidalako nire kantuek eskertzen dutela hori. Beharbada, galtzen ahal duzu perfekzio maila batean, baina seguru naiz irabazten duzula beste zerbaitetan. Baina musika era guztiak onartzen ditut nik eta ez dut uste araudirik dagoenik. Nik hori egiten dut, beste askok ez, eta oso disko politak egiten dituzte.
Orain letrak melodian oinarrituta egiten dituzu. Zergatik hartu duzu erabaki hau, ez al zaitu gehiago kateatzen?
Bai, bada. Baina batzutan zuk kateatuta deitzen duzun horrek askatasun handiagoa ematen dizu. Zuk baldin baduzu eremu bat zehaztua, demagun margo bateko laukia, hor barnean libertade guztia daukazu. Margo hori beharrean edukiko bazenu areto honetako pareta guztia, agian ez zenuke gauza libreago bat egingo, oso gauza bitxia da. Nik uste dut kantua oso gauza ez oinarrizkoa dela, oso gauza sinplea da, xumea. Kantuak bere hortan joera guztiak onartzen ditu. Egiazki, gero kantu bat egiten dudanean maite dudan poema batekin, hor kontrakoa gertatzen da, letrak lotzen zaitu. Letrak horrelakoa izatea behar du, baina horrek ere ematen dizu libertade handia zeren eta badu esanahi bat. Jokaera guztiek balio dute.
Begibistakoa da belaunaldi berriek zure musikarekin bat egiten dutela. Zergatik uste duzu dela?
Zuk uste duzu?
Nik behintzat hala ikusten dut.
A bai? Ba pozten nau horrek.  Niretzat gazteria ez da multzo homogeneo bat. Niretzako badira Operación Triunfo maite dutenak, blues-a maite dutenak, rocka edo batere musika maite ez dutenak. Orduan, uste dut banako gutxi batzuekin konektatzeko zoria baldin badaukat, asko dela.
Urteak pasa ahala, nola edo norantz garatzen ari dela uste duzu zure musika? Traje ezberdinak jantziz transformatzen ari den zerbait bezala ikusten duzu, ala alderantziz, pixkanaka larrutuz bere esentzia topatzen ari den zerbait bezala?
(Pentsatu egiten du) Oso galdera zaila. Ez daukat joera handirik aztertzeko egiten dudana. Uste dut badela bietatik. Alde batetik irudipena daukat sakonera ari naizela gehiago, hobeto ezagutzen dut nire ofizioa, baina iruditzen zait modu berean hasiera-hasieratik neuzkan ardatzak hor dirautela. Hitzak maite ditut, sonoridade berezi bat maite dut, ez dakit nola adierazi hori, hitzen atzean entzungo den hori…gero kantu zaharra asko maite dut, baita ere. Orduan, badira hiruzpalau gauza hor dirautenak, ez ditudanak aldatu. Uste dut lasaiago ari naizela, gehitxoago dakit baina ez dakit ze norabidean. Gauza oso intuitiboa da.
Munduaz hitz egin duzu orokorrean baina tartetxo bat egin duzu zure aitona zena omentzeko. Zergatik orain eta disko honetan?
Bera oso gizon alaia zen eta nik ez dut inoiz bere bizitzari buruzko perspektiba hori izan. Urte askoz ezagutu nuen eta halako batean konturatu nintzen  banuela kantu bat hor. Askotan entzuten ditugu horrelako gauzak kanpoko idazleengan eta onartzen ditugu, eta gero gurean badirudi astuna dela. Izan ere, nire belaunaldiko jendearentzako gerra osteko zama hori eta egungo memoria historikoaren kontu guzti hori pixka bat astuna da, zeozer nekeza… ez nuke fribolizatu nahi e, baino hori da sentsazioa.
Eta halako batean oso argi ikusi nuen. Egiazki, beti eramaten dut poltsikoan bere detentzioaren oharra, prentsan atera zen bezala eta beno, kantua di-da batean egin nuen. Oso garbi ikusi nuen. Duela gutxi hil den poetisa bat irakurtzen ari nintzen, Szimborska, eta berak erabiltzen zuen Gernika askatasunaren eredua bezala poema batean. Pentsakor gelditu nintzen eta berehala joan nintzen poltsikora, atera nuen oharra eta esan nuen: “hemen dago kantua”. Gero musikalki jotzen dugu nahiko erritmikoki eta niretzat horrek irudikatuko luke, oso gauza nirea da halere, nire aitita zena oso gizon alaia zela. Ez nuela gogoratu nahi bizitzak gaizki tratatutako pertsona bat bezala. Oso gaizki tratatu zuen baina bera oso alaia zen.
Zure ustez nora dago gehiago begira disko hau? Behean dauden sasietara ala goiko zerura, lainoetara alegia?
Nik beti irudikatzen dut haur baten marrazki bat folio batean, goian daude hodeiak eta behean sasiak. Gu normalean sasietan ibiltzen gara, zoritxarrez. Baina badugu nahia gorago egoteko beti. Nahi hori hobeto egoteko, gehitxoago ulertzeko, gehiago maitatzeko…batzutan pixkat goraxeago ibiltzen gara baino hortxe-hortxe. Horri esaten zaio mundua. Deigarria egiten zait beti, haur baten marrazkia bezala ikusten dut eta hortik dator kantua: “hodeien azpian, sasien gainean, han da mundua deritzana”.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s