“Lehengo indar politiko batzuk boterea galdu dute eta orain beraien ereduak inposatu nahi dizkigute”

Mondraberri.com
Mondraberri.com


Peio Lozano Lurralde Antolamenduko irakaslea da EHUn eta Geografia Fisiko saileko doktorea.

Amaia Gartzia / Agurain

Atez ateko sistema azaldu zenezake eta bere ondorioak birziklapenean?
Atez atekoaren lehendabiziko pausuak duela hogei bat urte eman ziren Italian. Funtsean defendatzen zuena zen, birziklapen maila altuak lortzeko benetako jasoketa selektiboak egon behar zirela. Orduan, martxan jarri zituzten etxez etxeko deituriko jasoketak, non, edukiontziak alde batera utzirik, jasoketan parte hartzen zuten koadrillak atariz-atari joaten ziren. Hiritarrak egunero frakzio mota bat edo bi jeitsi egin behar zuen, hots, frakzioak ezberdindu behar zituen. Gakoa materia organikoan aurkitzen da. Materia organikoa gure zaborraren erdia edo gehiago izan daiteke, eta ezaugarri berezi bat dauka: normalean, ez baduzu bere kabuz jasotzen, beste frakzioak kontaminatzen ditu. Ontziak, plastikoak, metalak, beirak, etab.-ek kutsatu dezaketenez, bere kabuz jasotzen badituzu, zaborraren erdia den organikoa behintzat kendu eta hori gero konpostatzera bidali daiteke, geratzen zaizuna ondo birziklatzeko baliogarria izanik.  Beraz, Italian, eta Katalunian geroago, konturatu ziren sentsibilizazio kanpaina minimo baten bidez, birziklapen maila txiki batetik, %20-25 batetik, %80-90 batera iritsi zitezkeela aste gutxiren buruan atez atekoaren bitartez. Horrekin, izugarrizko birziklapen maila erdiesteaz gain, azkeneko tratamendu deiturikora minimo bat baino ez da bidaltzen eta beste metodo ezberdinak ezabatzen dituzu: guztiz desfasatuak gelditu diren zabortegiak, erraustegiak eta mota honetako nahiko arriskutsuak diren tratamenduak.

Frakzio bakoitzak bere jasoketa eguna dauka, ezta?
Bai. Materia organikoak fermentazioa bezalako arazoak aurkez ditzake. Astean hirutan bota dezakezu, beste batzuetan lautan. Normalean, hirutan izaten da. Eta gainontzeko guztia, plastikoak eta ontziak, astean bitan. Beira bietara egin daiteke, jasoketa selektibo honen bitartez edo kalean bertan mantentzen diren betiko edukiontzietan. Papera ere astean beste bitan edo batean. Zuk egutegi bat daukazu eta badakizu egun bakoitzean ze frakzio mota jaitsi behar duzun. Batzuetan, koinziditu egiten dira bi frakzio mota egun berean, baina normalean jendeak bi-hiru asteren buruan ondo harrapatzen du sistema eta ondo joaten da.

Dagokion frakzioa gaizki bota ezkero isunak jartzen dira?
Eredu ezberdinak daude, baina gaizki botatzekotan, lehendabiziko asteetan gainbegiratu egiten da zer moduz jasotzen den jakiteko. Edukiontziaren bitartez jasoketa guztiz anonimoa da eta atez atekoarekin, ostera, guztiz arduratsua. Izan ere, bakotzari pertxa edo toki zehatz bat dagokio eta horrela teknikariek ikusi dezakete zer moduz egiten ari den. Nahigabe edo propio eginda, lehendabiziko dei bat egoten da non teknikariek azaltzen dizuten nola egin behar den. Eta jendeak propio egiten badu edo ikusten bada hiru bider gaizki egiten duela, orduan, isunak egon daitezke etab. Baina normalean jendeak ondo harrapatzen du eta ez da isun handirik jarri beharrik egoten.

Zertan datza Zero Zabor proiektua?                                                                               Zero Zabor proiektua helburu nagusitzat gure zaborra zeroan bilakatzea duen mugimendu soziala da. Zaborra, eta ez hondakina. Izan ere, hondakina materia primo bat bihurtzen da, hau da, ondo jaso ezkero, berriro sartzen duzu zikloan eta berrerabiltzen edo birziklatzen duzu. Baina zaborra bihurtzen denean, ez da materia primoa, normalean dena nahastuta etortzen zaizu, ezin duzu ondo aprobetxatu eta orduan, edo botatzen da, edo tratatatzen da. Horrek suposatzen duenarekin. Errausketa ematen bada, horrek osasun eta ingurugiro arazoak ekarriko ditu. Zero Zabor mugimenduak hori murriztu nahi du, zaborrean bilakatzen den kopuru hori. Nahiz eta utopikoa izan, atez ateko jasoketaren bitartez hori ia errealitate bihurtzen ari da. Birziklatzetik kanpo geldituko litzatekeen hori %5-10 batera murriztuko luke. Mundu mailan ezartzen ari den eredua eta gizartetik beretik atera den mugimendu bat da, jendeak bakoitzaren ardurak hartuz. Zaborrak gureak dira. Badirudi edukiontziarekin zaborra botatzea anonimoa dela, eta botatzearekin batera arazoaren ardura ere gainetik kentzen duzula, nahiz eta gero benetako arazoan bilakatu.

Ze nolako harrera izan du ezarri den herrietan?
Bere garaian, Italia eta Kataluniako ereduak begiratzen hasi ginenean, abisatu egin gintuzten politika arlotik eta: “Hau segun eta nola ezartzen den edo ze berme politiko dituen, istilu gehiago edo gutxiago egon daitezke”. Euskal Herri mailan ikusi duguna zera da: azkenean, egia da jendeari kostatu egiten zaiola ohitura aldaketa, baina gero bai Usurbilen, Hernanin edo Oiartzunen, esaterako – bere garaian lehendabizikoak atez atekoa martxan jartzen -, jendea pozik dago izugarrizko ahaleginak egin ondoren emaitzak ikusten ari direlako, eta emaitza horiek baikorrak direlako. Jendea animatu egiten da.
Usurbilgo kasua oso paradigmatikoa izan zen. Erreferendum bat egin zen denbora epe bat pasa ondoren jendeak edukiontzien edo etxez etxeko jasoketarekin jarraitzea erabakitzeko. Eta azkenean atariz atariko jasoketarekin jarraitzea erabaki zuten. Emaitzak oso-oso onak izaten ari dira. Azkenekoak Usurbilen %92 batera iristen ziren. Jasotzen duzuna zabor eta hortaz, arazo bilakatzetik urruti, oso bidegarria den produktuan bilakatzen da.

Zer da 5. kontenedorea? Aukera hau adabaki bezala ikusten dute zenbaitek hautazkoa delako erabiltzea, zer iruditzen zaizu zuri?
5. edukiontzia Europako zenbait herrialdeetan martxan jarri zen asmakizun bat da. Batez ere, arrakasta lortu zuen nahiko kontzientziatuak dauden herrialdetan; Finlandian, Suedian, Norvegian… Bertoko gizartea egia da oso arduratsua dela, gauza publikoak asko zaintzen dituela, eta nahiko birziklapen maila altuetara ailegatu dira, %60 bat edo.
Hemen, Euskal Herrian, adierazgarria da ikustea zeintzuk besarkatu duten 5.edukiontziaren sistema. Eta izan dira, batez ere, EAJ eta PSOE.  Beraientzat edukiontzi hau atez atekoaren aurkako arma bat da. Hau Donostian martxan jartzen lehendabizikoak Odon Elorza eta Denis Itxaso izan ziren, Xabier Garmendiaren alderdi berekoak. Hauen helburu nagusia atez atekoaren aurkako borroka zikin bat egitea izan da. Azkenean, emaitzak oso fidagarriak dira. Edukiontzi hau Amara eta Gros auzoetan jarri zuten. Amaraldean bakarrik parte hartu duen populazioa %25ekoa izan da eta Grosen %16koa. Birziklatze maila baxu horiekin ezin duzu lortu benetako jasoketa selektibo bat. Gainera, 5.edukiontzi horretan jendeari utzi egin zaio materia organikoa poltsetan sartzen. Horrek esan nahi du konpostatze plantetara nahiko zikinduta iristen dela, eta ez du balio benetako konposta egiteko. Bio-hondakin batean bihurtzen da. Hori, ez nik neuk esaten dudalako, baizik eta Europar Batasunak esaten duelako. Orduan, edo bigarren tratamendu bat ematen diozu, zeinak energia gastu bat suposatzen duen, edo gainontzeko inpropio guztiak kentzen dituzu. Egiazki, 5.edukiontziaren arrakasta Euskal Herrian oso eskasa izaten ari da.

Atez atekoaren materia organikoaren jasoketan ez da poltsarik erabiltzen?
Ez. Modu ezberdinak daude, halere. Katalunia aldean poltsen bitartez jasotzen dute baina poltsa biodegradableak dira. Kasu honetan, Usurbilen dago niretzat  modurik eredugarriena. Zulatuta dagoen kubotxo bat ematen dizute, horren bidez plastikozko poltsa sartzea eragozteko eta gainera hor sartutako materia organikoa lehortzen joateko, usteltze prozesua eta gainontzeko kiratsak motelduz. Hala, materia organikoa oso purua ailegatzen da konpostatzeko plantetara eta inpropio gutxirekin. Horrek ematen dizu Europar Batasunak deritzon A motako konposta, hau da, maila altuko konposta. Eta hori edonon erabili dezakezu, izan ere, izugarrizko merkatua zabaltzen ari da horren inguruan. Konposta ongarri organikoan bihurtzen da, eta ongarri organikoa indarrean dagoen produktu bat da.

La materia orgánica recogida con el quinto contenedor tiene un índice de rechazo en las plantas de tratamiento del 5% y si la materia orgánica ha sido recogida con el Puerta a Puerta este índice sube hasta el 25%. PSE-EEk darabilen argudioa da. Esaldi hau azaldu zenezake eta ze esaten dizun azaldu?
PSE-EE-k ez dauka zehaztasun handirik.  Izan ere, nik ezagutzen ditut beraiek martxan  jarritako esperientzien emaitzak eta aipatu egin ditut. Guztiz kontrastatuak daude. Politikariek esaten dituzten gauzak ez daude ondo oinarrituta. Guri, zientzialarioi, guztiz kontrastatuak edo fidagarriak diren datuak aurkeztea gustatzen zaigu. Nik aipatu dizkizuedanak fidagarriak dira. Lapatxeko konpostatze plantara hurbiltzen bazara, ikusi dezakezu nola datorren materia organikoa etxez etxeko jasoketaren bitartez, eta nola 5.edukiontziaren bitartez. Errealitatea lehen aipatu dizuedana da: edukiontzi horren bidez jasotakoak inpropio maila altuak izaten dituela eta besteak, ordea, %2a soilik. Horiek, Lapatxeko plantako arduradunak eman ditzakeen datuak dira. Partidu politiko batek esan dezakeenak, kontuan harturik bere garaian plan guzti hauek Xabier Garmendiak osatutakoak direla eta interes ekonomikoak izan dituela errauste plantetan,  ez dit balio. Fidagarriak ez izateaz gain, guztiz alderantzizkoak dira.

-Zer deritzozu atez atekoaren kontran abiatu diren azken kanpainak eta gai honekin sortu den ika-mika politikoaren inguruan?
Urnietan errauste planta kokatu nahi izan zutenean, protestatzen hasi ginen eta nahiko adierazgarria den gauza bat esan ziguten: “debate publikoa itxita dago”. Beti haiei interesatzen zaienean debate publikoa itxita edo guztiz osatuta dago, eta herriak ez dauka zer esanik. Orain ailegatu da momentu bat non, oraingo indar politikoei ez zaie interesatzen errausketa, eta juxtu orain ireki nahi dute beraientzako itxita zegoen eztabaida bat. Izugarrizko indarra ematen ari zaio guztiz fiktizioa den eztabaida bati. Hor ditugu Diario Vasco, El Correo, SER katea, etab. Usurbilera edo Hernanira joaten bazara ikusi dezakezu hango jendea ohitura hartzen ari dela eta ez dagoela inolako arazo handirik. Hemen interes politiko eta ekonomikoek jolasten dute. Errauste planta bat eraikitzeak etekin ekonomiko handia suposatzen du. Usurbil izan da toki bakarra non plebiszitua eman den. Urnietan, adibidez, ez zen plebisziturik eman erraustegia nahi genuen ala ez jakiteko. Gipuzkoa osoan ez da eman. Eurek orain eskatzen dute eurek ez dutena eman. Orduan, zertan ari gara? Lehen indarrean zeuden indar politiko batzuk boterea galdu dute eta orain beraien ereduak inposatu nahi dizkigute, jakinda ez direla batere fidagarriak, eta Euskal Herri mailako Zabalgarbiko errauste planta bakarrak oso datu kaxkarrak ematen ari dela energia eta ekonomia aldetik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s