Mireia Gabilondo: “Bere ustez mingarria den pelikula bat ikusi aurretik Audientzia Nazionalari berri ematea erabaki du Urquijok”

Agurainen zinez zita berezia zen Barrura begiratzeko leihoak aurkeztu zen atzo Aguraingo Harresi aretoan. Erakustaldian izandako Mireia Gabilondok film “humanoa” egiteko nahia adierazi zuen aurresolasaldian. Gotzone Lopez de Luzuriaga preso aguraindarraren zatia zuzendu eta haren senideen bizipenak jaso dituen Gabilondorekin izan gara, atzoko estreinaldian ikusle askori malkoak erausi zizkion dokumental gizatiarraz hitz egiten, baita gizatiartasun horrek ekarri duen polemikaz.

Atzo bertan izan zen Bilboko estreinaldia eta dokumentalak harrera beroa izan zuen bertan. Nolakoa izan da oro har herri ezberdinetako harrera eta nola jaso duzue egileek?

Donostian egin genuen lehenengoz duela hilabete festibal inguru horretan. Bi pase egin genituen, Victoria Eugenia Antzokian. Jendeak erosteko txartel batzuk jarri ziren salgai horren truke gero pelikula ikusi ahal izateko, eta diru horrekin posible izan da pelikula bukatzea. Bi pase horiek izan ziren publikoarekin harremana izan genuen lehendabizikoa eta jendez gainezka egon ziren. Oso-oso beroa izan zen eta oso polita izan zen, jendea zutitzeraino.  Atzo Bilbon berdintsu izan zen. Hasieran beste areto batean egiteko nahian izan ginen, ez ziguten alokatu, eta azkenean unibertsitateko paraninfoan egin zen, 450 pertsona hartzeko lekua daukana. Dena saldu zen eta hainbat jende ere kanpoan geratu behar izan zuen. Oso hunkigarria izan zen ere, jendea eskerrak eman zizkigun horrelako istorioak ere kontatu beharra dagoela esanez. Tolosan ere atzo izan zen eta jendea ere hurbildu egin zen. Lehendabiziko egun hauetan dokumentalean ze protagonista ditugunaren arabera hari gara herri horietan erakusten, eta horregatik gaude gaur hemen Agurainen, Gotzone  hemengoa delako. Jendeak gogoz hartzen duela gertuko istorio bat delako. Gu oso pozik gaude jendeak behin eta berriz ikusiko duelako.

Aktore ezaguna zaitugu gurean baina oraingo honetan kameraren atzean aritu zara, laugarren aldiz. Nolakoa izan da oraingoan zuzendari moduko jarduna?

Bai, nik bi pelikula zuzendu ditut aurretik eta uda honetan beste bat. Halere, dokumental bat egiten dudan aurreneko aldia da. Hori izan da niretzat zailena, baina erakargarriena ere bai. Baita ezberdinena, nola kontatu benetako istorio bat benetako jendearekin, fikzioa ez egitea, baizik eta gertatzen ari den zerbait.  Bigarren oztopoa , preso egonik,  protagonista elkarrizketatzeko aukerarik ez izatea izan da.

Ez zara Gotzonerekin izan?

Ez. Zintak neuzkan, zinta ugari. Gotzoneren berri jakin eta segituan zintak etorri ziren nire eskuetara. Denbora askoz zinta horiek entzuten murgildu nintzen orduan. Hortik hasi nintzen pieza pixkat bideratzen edo gorpuzten, eta nondik kontatu nahi nuen nik neure buruari edo bihotzari baita ere galdetzen. Zinta horiek ardatz bezala erabiliko nituela ikusi nuenean bigarren pausoa hainbeste urtez kartzelan egotea zer den kontatzea izan zen, Parot doktrinak zer esan nahi duen eta Gotzoneren kasuan, hirugarren ardatz potoloena, minbizia izateak dakarren guztia preso egonik. Nola burutu izan da zailena eta denbora asko eraman didana; senideekin harremanetan jarri ondoren guzti hori 15 minututan kontatzea.

Nola atera zen Gotzoneren izena?

Josu Martinez bost zuzendarietako baten ideia izan zen hau guztia egitea. Bere deia jaso nuen parte hartu nahi nuen galdetuz eta baietz esan nion. Boladatxo bat izan nintzen hasieran zer kontatu nahi nuen pentsatuz, zeini buruz, nola … nire gertuko beste aukera edo pertsona  batzuk izan nituen, baina gero Josuren bitartez beste istorio batzuk heldu zitzaizkidan eta orduan erabaki nuen nahiago nuela distantzia apur bat edukitzea nire protagonista izango zenarekin. Errazago egingo zitzaidalako erdian jarrita, inplikazio handia baita horrelako istorio bat kontatzea. Barruan gauza asko mugitzen dira. Gotzonerena zintengatik izan zen, polita iruditu zitzaidan bere ahotsarekin jokatzea. Berea eta bere ama edo familiaren arteko ahotsak jasotzen zituen elkarrizketa horiek erabiltzea.

Ezinezkoa edo erabat zaila izango da ez inplikatzea. Denbora guzti horretan zehar soinez soin izan zara Gotzoneren familiarekin. Zeintzuk izan dira ikusi dituzun zailtasun handienak?

Zailtasuna izan da berarekin zuzenean harremana izan beharrean, filma nola kontatu bere inguruan dagoen jendearekin, zeintzuekin. Nik Gotzoneri eskutitz bat idatzi nion nolabait baimena eskatuz eta bere istorioa kontatzea zer  iruditzen zitzaion jakiteko. Luze egiten da batez ere zaila delako gidoi itxi bat edukitzen, egunez egun gauzak aldatzen dihoaztelako. Hori da dokumentalekin gertatzen dena eta jakin behar duzu amaierako puntua noiz jarri. Grabatu genuen egunetik hona gauzak aldatu egin dira ere. Gotzoneren kasuan beste bukaera bat espero nuen nik dokumentalerako, kanpoan egotea. Ez da horrela izan eta pena hori daukat.

Senideekin hitz eginda, nolakoa iruditu zaizu Gotzoneren izaera?

Irudian, dokumentalean parte hartzen duten Jose Luis Gotzoneren neba, eta Nagore iloba.

Beraiek oso ondo esaten dute piezan, Nagorek eta Ander-ek, hain zuzen. Bizitza handia dauka barruan eta bestengandik galdezka dabil uneoro. Nik dakidanetik esango nuke bizitzeko gogo handia daukala eta Ander-ek dokumentalean esaten duen moduan, bizi dituen momentu txar asko izanagatik ere, oso positiboa dela ere esango nuke.

Dokumentala Donostiako Zinemalditik kanpo gelditu zen. Ekoitzi zenutenean hainbesteko polemika espero zenuten? Izan ere, prentsa izan zen erabaki hura jakiten lehena. Nola jaso zenuten?

Pelikula egin zenean Josu eta Zinez-eko kideak harremanetan jarri ziren Zinemaldiko zuzendariarekin. Berak, pelikula egon, egongo zela esan zien ikusi aurretik. Baietza ia jasota zegoen, nahiz eta idatzita ez egon. Gero sortu zen polemika guztia ikusita, pelikula ikusi aurretik, gogorra izan da guretzat. Polemika espero genuen, horrekin kontatzen genuen, baina ez filma ikusi aurretik. Ezustea izan zen oraindik bukatzen ari ginela, diru-laguntza zela eta hainbat udaletxeri aurka egiten ikustea. Oso urduri jarri ginen, orduan inork ez baitzuen filma ikusi, inork ez zekien zer egin genuen ere.

Inolako azalpenik jaso duzue?

Hemen Urkijo sartu da eta berak egin duena izan da bere ustez  mingarria den pelikula bat ikusi aurretik, bakarrik zertaz dihoan kontuan edukita, Audientzia Nazionalari pelikula horren berri izateko eskatu, beraiek jaso eta iritzia ematea. Eta horretan gaude. Kopia bat eskatu digute eta zer pasatu zain gaude. Bitartean, ez dutenez ezer esan, guk gure bidea aurrera egiten ari gara. Pena izan zen Zinemaldian ez egotea,  festibal batek bere erabakiak hartzen ditu eta beti dago esatea “artistikoki ez dela interesgarria”. Pena, batez ere, mundu honen inguruko jendeak baino ez duelako ikusiko filma, eta beste jende batengana iristeko leku interesgarria zelako, begiak pixka bat zabaltzeko eta beste errealitate bat erakusteko.

Atzerrian erakusteko asmorik dago?

Saiakerak egin dira baina ez dugu lortu. Ez da erreza ere. La Rochelleko festibalean saiatu gara eta han ere ez zen lortu. Guk  beti izan dugu oso argi alde humanotik kontatu nahi genuela, ez genuen bakarrik istorio politikoa egin nahi, euskal preso politikoak izangatik ere.

Helburuak nondik du gehiago, sozialetik, politikotik ala bietatik?

Bietatik. Gai hau ikutzekotan nik uste dut ezin dela bata bestearengandik banatu, dena barruan sartu behar da. Baina arestian esan bezala, gu denon nahia izan da ze pertsona diren erakustea, nolakoak diren edo gaixo egonda kartzelan egotea zer den, tortura salaketak ere…

Argi izan dugu hasieratik ez genuela alde bateko eta besteko bosna biktima hartu nahi. Euskal preso politikoen bost istorio kontatzea izan da gure nahia, eta jakinda beste asko daudela, baina guk hauek aukeratu ditugu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s