Hitz eta So!

Kike Amonarriz: “Prezio berean, nahiago umorez”

Amaia Gartzia/Donostia

Umorea bere bizitzan erreferente bat izaten saiatzen da Kike Amonarriz Gorria (Tolosa,1961). Bere izakera benetan horrelakoa den jakiten ahalegindu gara; kanpoko oskolatxoa apurtuz bere barnekoak ezagutarazteko asmoa hartuta. “Hitz eta Pitz” aritu zaigu “Mihiluze”-ko aurkezlea, eta bere benetako izakera ezkutatzen zuen “kutxa” zabalduta geneukala uste genuenean beste txikiago batekin aurkitu gara. Horrelakoa iruditu izan zaigu soziolionguistaren izakera. Besteak beste, Euskara, familia, inglesa, inauteriak eta gorbatak, akatsak, kezkak eta lotsa aurkitu ditugu. Benetan beti irribarre egiten ari diren matrioska ezberdinak dira Kikeren izaera gordetzen dutenak.

-Zure ibilbide profesionalari begira, zerk ireki dizkizu ate gehien, zure filologiako ikasketek edo zeure izakera umoretsuak?
Ez dakit izakera umoretsua den juxtu-juxtu, baina esango nuke izakerak gehiago ireki dizkidala euskal filologiak berak baino. Hain zuzen ere, kontua ez da euskal filologia egin
genuelako gero hasi ginela beste zerbaitetan, baizik eta euskal filologiako karrera bera aukeratu genuela lehendik ere saltsatan genbiltzalako. Nik euskal filologia aukeratu nuenean oso garbi neukan euskararen aldeko mugimendutik nentorrela, eta karrera,
euskararen aldeko mugimendu horretako nire partaidetza hobetzeko nahi nuela eta sorpresa izan zen karreraren zati gehienak ez zuela horretarako balio ikusi nuenean. Orduan erabakia oso praktikoa izan zen, bigarren kurtsotik aurrera azterketetara joaten
nintzen.
-Alvarez Enparantza irakasle izan zenuela jakin izan dut. Ikasle zineneko ze oroitzapen dituzu?
Txillardegirekin daukadan oroitzapena oso polita da. Txillardegi almazen bat zen:denetarik zeukan almazenatua, denetarik zekien. Apasionatua zen, baina jarraitu behar zenuen. Gogoratzen dut gai baten inguruan hasten zela hitz egiten, hasten zen arbela betetzen eta ia arbela betetzen zuenean, galdetzen zuen: “Non hasi naiz?”Alde horretatik nahaspila bat zen, baina nahaspila “marabilloso” bat. Ikaragarri ikasi genuen , gauza askotaz. Gero egin behar zenuena, zuk ordenatzea zen (kar,kar). Ez genuen inoiz komentatu baina oso maitatua izan zen. Jose Luis beti izan da oso maitatua, eta bazeukan zerbait, bere pasioa
transmititu egiten zuen. Bizi egiten zenuen klasea, eta uste dut hori irakasle gutxik lortzen dutela. Nahiz eta ideologikoki ez hain gertukoa izan, estiloz oso antzekoa zen Koldo Mitxelenarekin. Ni oso klase gutxitara joan nintzen baina, bazuen estilo hori ere: apasionatuak ziren, asko zekiten, baina gero barreiatu egiten ziren (kar,kar). Eta alde horretatik ere, xarma izugarria zeukaten klaseek.
-Zure lana umorearekin uztartu duzu ia beti. Jende gehiagorengana iristeko teknika ala zure izaeratik baztertu ezin duzun benetako ezaugarria da?
A nik uste dut benetako ezaugarria dela! Eta besterako ere balio du. Azkenean umorea ere bizitzeko modu bat da, eta beti esaten dut: “prezio berean, nahiago umorez”. Bestalde, nik uste dut beti gehiago erakartzen gaituela irrifar polit batek osti txar aurpegi batek baino. Hori ere bai. Eta nahiago dugula barre egitea negar egitea baino, eta gustagarriago zaizkigula parrandak hiletak baino. Bueno, beraz, aplikatu dezagun hori ere gure bizitzan.
Umoreak proposamenak erakargarriago egiteko modu bat eskaintzen du eta urruntasuna erlatibizatzeko modu bat. Umorea malgua da, eta malgutasun hori eta erlatibizatze hori beharrezkoak dira. Egia da umoreari ekin nionean, helburu printzipala proposamenak erakargarriagoak izan zitezen bideratzea zela.
-Umorea bizitzako alderdi guztietan erabiltzen duzu?
Saiatzen naiz. Baina hori ere azkenean teknika bat da. Askotan ahalegin bat egin behar duzu.
-Esate baterako, txisteekin ligatzea ba al dago?
Bai, nik uste baietz.
-Eta zure esperientziari helduz?
Nire esperientzia, kasu horretan uste dut gehiago ondorio bat izan dela (kar, kar). Ligatzearena ondorio bat izan dela a priori bat baino. Nolanahi ere, ezberdina da umorea eta koadrilako txoroflauta izatea. Gauza diferenteak dira. Eta batzutan umorea eta komikotasuna ere nahastu egiten dira.Gauza bat da egun guztian txorakeritan dabilena, eta hori txorua da, eta beste gauza bat da umorea sartzea bizitzan. Askotan umorea oso aurpegi serioarekin ere egin daiteke.
-Noizbait hanka sartu duzu norbaitekin txiste bat kontatzerakoan?
Askotan. Askotan eta konturatu egiten zara, eta orduan asuntoa da horri nola buelta eman. Azkenean umorea arma bat da, eta zuk umorea erabili behar duzu beti aurrean daukazuna aintzat hartuta. Horretarako informazio behar da, baina beti ez daukazu informazio guztia. Orduan bai, batzutan nahigabe edo nahita, min eman dezakezu. Nahita ere bai. Umorea arma potenteada.
-Nahita egin al duzu noizbait?
Bai, noizbait bai (kar,kar).
-Mihiluzen umoretsu azaltzen bazara ere, serioarena egiten duzu Ilaskik aurkezle ganberroagoarena egiten duen bitartean? Paper bat da edo zareten bezalakoak agertzen zarete?
Hor baditugu paper banaketa batzuk baina garen bezalakoak azaltzen gara. Beharbada, hor bilakaera bat egon da. Edozein bikotetan gertatzen den bezala, bakoitzak bere bidea
hartzen du eta posizioak eroso bihurtzen direnean, pixkanaka bide hori hartzen duzu. Nolabait esateko, puzzle bat osatzen duten bi pieza gara: gizona eta emakumea, helduagoa eta gazteagoa, bizkaiera eta batu-gipuzkera, eta ni iparraldeko ukitu batzuk sartzen saiatzen naiz noizean behin. Zentzu horretan sartzen da kostaldeko umore ganberro eta sexualagoa, eta Gipuzkoa erdiguneko umore, nahi baldin baduzu, zuriagoa eta helduxeagoa. Baina nik uste dut, abiapuntutik elkar dexente ondo ezagutzen genuela. Gero nik denborarekin beharbada, Txiskolan nuen puntu estridenteago hori baretu egin dut, ikusita gainera Ilaskik ere badaukala puntu hori. Bakoitza bere lekua hartzen joan gara.
-Zer gertatzen zaio Kike Amonarrizi gorbatekin? Itxura serioegia ez izaten saiatzen zara? Izan ere, Mihiluzen ez dituzu inoiz janzten.
Ez,eta joe, gorbata bat jantzi nuen azkeneko aldia ez daukat gogoan (pentsatu egiten du). Txiskolan gorbata erabiltzen nuen baina gorbata oso…estridenteak ziren (kar,kar).
Geroztik han erabilitakoak bakar bakarrik karnabaletan erabili izan ditut . Gu saiatu garena programan transmititzen gertutasuna izan da. Ni aurten 50 urte egitera nihoa, beraz, ridikuloa egingo nuke 25 urteko aurkezle baten janzkerarekin aterata, ez baitagokit. Normalean, errazagoa da ni janztea, txaketa bat eta alkandora batekin. Ilaskik estilo nahiz eta zabalagoa izan, baita ere, saiatzen da izaten erosoa, ukitu elegante batekin, baina bera ere modernoa, berari dagokiona… jarri didazu galdera bat, bueno aber berriro jantzi behar ditudan!( kar, kar)
-Euskararen eremuko nomada zarela esan duzu. Gure amonek esango luketen moduan, saltsero hutsa zara!
Bai.Gustatzen zait. Momentu batean, bizitzan erabaki batzuk hartzen dira eta ez zen erraza izan jauzia ematea. Lanpostu fijo bat daukazunean, familia bat daukazunean, mundu guztiak esaten dizunean, “Baina erotuta al zaude?! Nola utziko duzu hori?”. Mila buelta ematen dizkiozu. Izan dira momentu errazagoak eta okerragoak. Gogoratzen dut momentu zail bat izan zela udaletxeko lanpostu finkoa uztea. Nik banekien ez nintzela bueltatuko, hori ere argi neukan, hain garbi inori ez banion esan ere. Beste momentu zail bat izan zen ere telebistako saltoa egin, Siadeco utzi, telebistakoa bestelako arrazoi batzuengatik lehertu eta 40 urterekin kalean gelditu nintzenekoa. Orduan, bai, nomada sentitzen naiz,egia da gustora nabilela, eta benetan lujo bat izan dela. Orain galdetzen didatenean, “Eta Mihiluze bukatzen denean, zer egin behar duzu?”, erantzuna oso sinplea da: ez daukat ideiarik ere. Orain lasaiago nago, bestela ere zerbaitetan hasiko naiz. Baina kezka ere beti hor dago. Nomadismoak hori du, bere alde onak eta txarrak ditu. Oso gustuko lekuetan egoteko aukera ematen dizu baina momentu batzuetan ere, hotz handia egiten du.
-Kotxean ingleseko CD-ak entzuten jarraitzen duzu?
(Kar, kar) Azkena atzo. Bai, inglesarena izan da hor betidanik eduki izan dudan kontu bat. Nik ikasi nuenean frantsesa ikasten genuen, ez zegoen aukerarik ere inglesa ikasteko, nola aldatu diren gauzak. Orduan, geroztik inglesa ikasten bizpahiru aldiz hasi naiz eta izan da hasi eta utzi. Orain dela lau urte esan nuen, “zerbait egin behar dut”, eta klaseetara ezin nintzenez joan hasi nintzen CDeen metodo honekin, eta ezin da esan nola ibili izango naizen. Egiazki, sistema ona da, nahiz eta seguridade balbula guztiak oso ondo jarrita izan behar diren.
-Etxean mihiluze ikusterakoan kexarik jasotzen duzu familiarengandik? Trajeak ondo ematen ez dizula edo antzekoak esaten dizkizute?
Zorionez, bai familian eta bai lantaldean, egindako lanarekiko oso jende kritikoa izan dut, zentzurik onenean. Baina kritikoa gupidarik gabea ere. Oso kritika zorrotzak eta oso markaje estua sentitu izan dut eta hori ona da. Nik beti esaten dut, inguruan hori galtzen
duzunean, oso seinale txarra. Adierazten duelako jendea ez dela ausartzen, edo ez zaiola interesatzen, edo zeozer grabea pasatzen dela.
Familiaren markajea, estua dela esango nuke. Ezagutzen zaituzte eta orduan oso ondo dakite noiz zauden nekatuta, noiz ez zauden zurea
ematen, noiz ari zaren pasatzen; hori zergatik egin duzu horrela, joe hori ez da esaten… hala ere, ez du esanahi gero kritika guzti horiekin ados nagoenik.
-Egia al da tolosarrek beti argi utzi behar duzuela nongoak zareten? Zergatik uste duzu dela?
Nik uste baietz. Harrotasunetik harrokeriara dagoen mugan gaudela iruditzen zait, baina bada harrotasun bat Tolosan zerikusia daukana  bizitasun sozialarekin. Nik uste bagaudela harro bizitza sozial bat dagoelako, inauteriak egiten direlako, aktibitate asko egitendirelako, mugimendu asko dagoelako… herri bizi bat delako. Eta hori ederra da, ze azken batean, komunidade batean autoestima pixkat haunditzeko modu bat da . Beste zenbait herrietan
inmobilismoa ematen da eta guk juxtu kontrakoa izan dugu. Hor transmisio generazional bat egon dela uste dut, non, jaso duguna izan den gauzak egin, egin behar direla eta gauzak
eginez disfrutatzen duzula. Inauteriek horretan zerikusi handia dute. Batzuk harrokeria bezala hartu dezakete baina autoestima sozial baten adierazle gara, eta hori ona da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s